Otavalo
(Imbabura probintzia, Ekuador, 2023)

Larunbatero, Otavalo Hego Amerika osoko merkatu indigena handiena bihurtzen da.
Egunak argi esnatu du, eguzkia distiratsu, alai. Alai eta jendetsu, zaratatsu, gehiegi akaso. Kafe bat eskuan, balkoiko atea ireki eta jendea dabil etengabe alde batetik bestera. Furgoneta eta kamio mordoa merkantzia deskargatzen, kaleak zakuz beterik; era guztietako artisautza produktu, jaki, bitxi edo arropaz beteriko zaku marroi pila. Montaketa lanak eginik, prest daude batzuk iada eta salmentak hasiak dituzte, beste batzuk ordea montaketa lanetan dihardute oraindik. Jende ugari da bertan, tratuan aritzea ezinbestekoa edozer erosi nahi dela ere.
Larunbata da eta larunbatak merkatu eguna esan nahi du Otavalon. Egun handia herriarentzat. Baina ez bakarrik herrian bertan bizi direnentzat, baita eskualdea osatzen duten herrixka txikietan bizi diren familia askorentzat ere. Aste guztian egindako lanak saltzeko unea da, izan artisautza produktu, arropa edo ereindako fruitu eta barazki.
Badira eskualdetik kanpora bizi diren merkatariak ere eta baita atzerriko zenbait bitxigile nomada. Ez da harritzekoa ez baita edozein merkatu honakoa, Hego Amerika osoan aurki daitekeen merkatu indigena handiena baizik. “Plaza de los Ponchos” ardatz hartuta, salmenta postuak zenbait kaleetan zehar barreiatzen dira, norabidea edozein izanda ere.
Quito hiriburutik 90 kilometro eskasera, kotxez 2 ordura baino ez, beren jatorriari indartsu eusten dion eskualde Kichwa hau aurki daiteke. Nolabaitean globalizazioari balazta jarri dion herri oso bat, edo laguntza falta medio balazta jartzea aukera besterik izan ez duen herri bat. Badira globalizazioaren zantzu nabarmenak noski; elektronika, jatetxe europear edo arropa “modernoa” edonon eros daiteke baina globalizazioak dakartzan zenbait onura mespretxatu gabe, beren ohitura, hizkuntza eta tradizioei eutsi nahi dien herri propio bat aurki daiteke bertan. Betiko nekazaritza eta artisautzak dihadute oraindik bertako bizimoduaren ardatz. Jazkeran, hizkuntzan, baita izateko moduan ere, 2 munduren arteko talka oso nabarmen senti daiteke bertako kaleak zeharkatzean.
Propio mantentzen duen aberastasun kultural eta historikoa medio, Ekuadorko hiriburu interkultural bezala da ezaguna, baita Otavaloetako herri Kichwaren “jatorri” bezala ere. Ez da kasualitatea ezizen hauez ezaguna izatea, bertako historiari so egin ezkero nortasun handiko eremua dela antzeman baitaiteke.
Quillanciga eta Pastoak ziren inkak iritsi aurretik eskualde honetan, Chota eta Guayallamba ibaien artean, bizi ziren tribuak. XV. mende amaieran, gaurko Ekuador osatzen duten herriek, hegoaldetik zetorren inperio indartsu baten aurka egin behar izan zuten guda. 17 urte iraun zuen erresistentzia gogorrak, zonalde honetan izan zituen enfrentamentu gogorrenak, Caranqui eta Cayembe herrietan bereziki. Yahurcocha lakuan (odol lakua) esaterako 30000 Caranqui gerlari hil zituzten inkek Huayna Capac enperadore indartsuaren agindupean.
Inken agintaldia Ekuadorren hala ere ez zen handia izan, konkista burutu eta berehala iritsi baitziren espainiarrak. Presentzia hori denboran txikia izan arren, eragin handia izan zuen bertako biztanleengan, Kichwa hizkuntza hartu zuten esaterako beraien hizkuntza gisa.
Espainiarren etorrerak erabat erabaldatu zuen Hego Amerika osoaren geroa eta eskualde hau ez zen salbuespena izan. Hala, gaur egun oraindik ere, eta pixkanaka ezinbestekoak dituzten eskubideak irabazten ari badira ere, bertako herri natiboek bigarren mailako biztanle izaten jarraitzen dute hein handi batean. Ekuadorko landa eremu askotan, muturreko pobreziak presente dirau, estatuaren laguntza ez baita nahikoa. Herri natiboak bizi diren lekuak izan ohi dira gehienetan.
“A mi nadie me gobierna sentado” dio mural batek Otavalon. Lehen egin bezala, beraien eskubide eta bizimoduagatik borrokan dihardute gaur egun oraindik ere, 500 urte pasa badira ere.
Larunbata, merkatu handiaren eguna Otavalon