Riobamba
(Cimborazo probintzia, Ekuador, 2023)
Gabon egunetan, komunitate ezberdinek parte hartzen duten desfile zoragarriak aurki daitezke Riobamban
Quito hiriburuak, Guayaquil populatuak edo Cuenca kolonialak izan dezateken garrantzia ekonomikorik izan gabe, zinez hiri berezia da Riobamba, mendebaldeko turista gehienen radarretik ihes egiten duen hiri horietako bat.
Ekuadorreko bihotzean kokatuta, itsasoa eta ohiana bereizten dituen Ande mendilerroan bertan dago eraikia, sumendi ikusgarriz babestua.
Hamaika ezizenez da ezaguna, “Sultana de los andes” horietako bat, eta ez da harritzekoa, paisaia berezia baitu; Chimborazo, Carihuayrazo, Tungurahua, El Altar eta Cubilines sumendi elurtuez inguratua.
Beste zenbait herri, hiri eta eskualdetan gertatzen den bezala, bizitzeko modu tradizionala eta “modernizazioaren” arteko nahasketa handia ematen da bertan. Estatu Batuetako hamburgesa kate ezagunenak topa daitezkeen moduan topa daitezke merkatu indigena tradizionalak. Inguruko natura menditsuak konkistaren aurreko nortasuna eta bizimodua mantentzea baimentu du hein handi batean.
Hiria zinez da interesgarria, Ekuadorko historiaren zenbait orrialde garrantzitsu bertan idatziak baitira. 1534. urtea izango da gaurko Riobamba hiriaren jatorria. Urte horretan bertan, Diego de Almagro kapitain espainiarrak Santiago de Quito sortuko du, Liribamba deituriko eskualdean, garai batean Puruhaes erresumaren hiriburua izandako eremuan.
Mende bat geroago, “Ciudad Muy Noble y Muy Lear” izendatuko du Espainiako errege Felipe IV.ak, hiri armarria aitortuz eta hiria indarra hartzen joango da. Komunitate erlijioso garrantzitsuenak bertan kokatuko dira konbentu eta eliza handiak eraikiz eta maila altuko giro soziala nabarmenduko da. Hala, zientzialari, artista, poeta, historialari edo misiolari asko emanen dituen hiria bihurtuko da.
1797.urtean emandako lurrikarak hiria erabat suntsituko du berau lekualdatzera behartuz.
25 urte geroago, Hego Amerikaren independentziaren historian idatzia geldiko den ezinbesteko pasarte bat gertatuko da bertan, “Batalla de Riobamba” (1822) ezaguna. Hiriko puntu altuenetik, “desde esta loma, a Quito…” esaldi famatua ohikatu omen zuen Antonio José de Sucre mariskal ospetsuak, abertzaleek errealisten aurkako bataila irabazi ostean. Bertan prestatuko da Pichincha eskualdearen independentzia (Quito hiriburua aurkitzen den eskualdea), eta urte horretan bertan eskuratuko da bere askatasuna.
Hamaika ezizenen artean aurki daitezke “cuna de a nacionalidad” bere historiagatik, “tierra de los Puruhaés” pere jatorriagatik, “corazón de la patria” bere kokapenagatik, “la ciudad bonita” bere balore patrimonialagatik eta nola ez, “La sultana de los Andes” inguratzen duen paisaia ederragatik. Zinez, hiri berezia Riobamba.