Ingapirca

(Cañar probintzia, Ekuador, 2023)

Llamak libre Ingapircako harresitan zehar

Ingapircako hondakinen museoan sartzean, bertan induskatu zuten lurperatze baten maketa ikus daiteke. 11 gorpu bertan eta horietatik bat bakarra era naturalean, adinagatik hila. Bat bakarra apaingarri eta aberastasun handiz hornitua. Berau, zihurrenik komunitateko figura garrantzitsu bat, gainontzekoak, bere zerbitzariak, bizirik lurperatuak.

Beren liderrekin bizirik lurperatua izatea ordea ez zen zoriogaitzekoa haientzat, ohore kontua baizik. Cañar herriak, inken inperioa iritsi aurretik bertan bizi zen etniak, ez zuen heriotzean sinisten, errenkarnazioan baizik. Hala, euren jabetza guztiekin lurperatzen zituzten hildakoak, zerbitzariak barne. Eskopolamina (burundanga) landarearen propietate lasaigarrien laguntzaz samurtzen zuten lurperatze gordin hori.

Gizarte matriarkala izan zen Cañaria, ilargia jainko nagusitzat, emakumeek zuten komunitatearen lidergoa, emakumeek soilik har zezaketen parte politikan eta emakumeek bakarrik erabil zitzaketen zenbait eremu konkretu. Etxeko lanak edo nekazaritza bezalako jarduerak gizonezkoen aurdurapean geratzen ziren. Induskatzean topatu, eta gaur egun museoan aurki daitekeen gorpua, emakume batena da noski.

Gaur egun Ingapirca edo Hatun Cañar bezala ezagutzen den hondakin induskatua, politika eta purifikazio erritualen eremua izateaz gain, elite Cañariarraren bizilekua ere bazen garai batean. Euren zibilizazioko 2 zentru garrantzitsuenetako bat, Cañaribambarekin batera.

Inkek erabat eraldatu zituzten konkistatutako lurraldeak eta honakoa ez zen salbuespena izan. 1438 eta 1471 urteetan zehar eman zen Quitoren konkista, hegoaldetik hasi zuen Tupac Yapanqui enperadoreak, zehazki, palta eta cañarien lurraldetik. Gerrak, 20-30 urte bitartean iraun zuen, Cañarientzat ondorio larriak izan zituelarik. Poblazioa nabarmen txikitzeaz gain “mitmakuma” (planifikaturik berkokapen masiboak) deritzon prozesu bidez herri osoak mugiarazi zituzten Peru eta Boliviako lurralde ezberdinetara, kickwa hizkuntzak cañaria ordezkatu zuen, hau desagertzeraino, eta eguzkiak ilargia desplazatu zuen jainko nagusi bezala, esaterako.

Inkak, zentru honen garrantziaz jabeturik, konkistaturiko beste zenbait eremutan egin bezala, suntsitu ordez, berau erabiltzea erabaki zuten. Hala, Hatun Cañar asentamentu berezia bilakatu zen garaile zein garaituentzat. Gaur egun zutik geratzen den eraikuntza handiena esaterako inkek berak egina da, eguzkia behatu ahal izateko sortua, terraza bat eguzkia esnatzen eta beste bat lokartzen ikusteko. Eguzkiaren mugimentu aldaketak behatuz, nekazaritza eguteri bat osatu zuten, gaur egutegi andearra bezala ezaguna dena.  Erraza da zein kulturak zer eraiki zuen antzematea, haien eraikitzeko moduak nabarmen ezberdinak baitira.

Gaur, beren hiztegiaren zati bat gordetzea lortu duten arren, Cañar talde etnikoak beren hizkuntza propioa galdua du eta kichwa eta gaztelera ditu hizkuntza bezala. Bere tradizio eta kulturari sendo eusten dio hala ere. Beren dantza eta janzkera aberatsa da oraindik. Hala, beren jatorri kontsideratzen duten “Culebrillas” lakuan purifikazio bainuak egiten jarraitzen dute, 3885 metrotan, menditik jaitsi zen suge erraldoi bat ito zen lakuan.

Tamalez, 2 herri hauen herentzia arkitektoniko gutxi aurki daiteke Ekuador osoan gaur egun, lurraldea konkistatu eta gutxira iritsi baitziren espainiarrak. Ingapirca ere ez da konpleju arkitektoniko erraldoi bat, txiki txikia baizik, baina zalantzarik gabe, merezi du hona hurbiltzeak.

Txikia da bizirik gertazen den Ingaprikako eremu arkiteknotikoa

Benetan bitxia da “Cara del inca” bezala ezaguna den harri zizelkatua

Llama, animali sakratua da andeetako herri askorentzat

Eskopolamina edo burundanga, bizirik lurperatzeko lasaigarria