Maien medikuntza indigena tradizionala

(Chiapas, Mexiko, 2023)

Erditze tradizional baten simulazioa

“Mendeetan zehar indio maia Tzotzil eta Tzeltalok

medikuntza tradizional indigena bat garatu dugu.

Gaur egun oraindik ere,

gure pentsatzeko eta bizitzeko modura egokitzen den medikuntza hori

 birsortzen jarraitzen dugu”.

 

Munduan aurki daitezkeen 300.000 landare espezietatik 30000 topa daitezke Mexikon eta horietatik 15.000 Chiapas estatuan. Aniztasun horrek, beren ohitura eta bizitzeko modu tradizionalei eusten diten pertsonekin batera, Chiapas (bereziki bere meseta zentrala) medikuntza indigena tradizionalaren ezinbesteko eskualde bihurtu du.

Aniztasun floristiko hau medio, sendabelarren erabilera oso aberatsa da bertan. Aipatutako meseta zentralean esaterako, 10 udalerritan bakarrik, 1600 sendabelar espezie topa daitezke.

 

Medikuntza indigena tradizionalaren 5 espezialitateak.

 

Tzotzil-Tzeltal medikuntza, milaka urtetan zehar naturarekin izandako harreman estuaren emaitza da. Gaur, 5 espezialitate bereizten dira.

 

– I’lol edo Pultsu bidezko sendalaria:

“Mundu ikusezinean sartu eta hari aurre egin diezaioket,

galdu eta preso dagoen gaixoaren akna erreskatatzeko.

Diagnostikoa pultsu bidez egiten dut.

Pultsua neurtzen dudanean

bihotzetik adimenera doan odol fluxua sentitzen dut,

dena ezagutu daiteke odol bidez,

eta haren ahotsa entzuten dut,

eta hark esaten dit zein den gaixoaren gaitza”.

 

– K´oponej witz edo Mendietako otoizgilea:

“Lau puntu kardinaletan lurraren espirituari otoitz

egiten dion mediku indigena naiz.

Mendian nagoenean, mendietako izpirituak esaten dit:

Ez badidazue hitz egiten, ez badidazue galdetzen,

ezin dizuet janaririk eman;

nahiz eta lursailak landatu, haizea bidaliko dizuet,

janaririk izan ez dezazuen.

Otoitz egiten ez badidazu,

 gaixotasuna eta arazoak izango dira.

Bestalde, otoitz egitera etorri

eta nire atean zerbait uzten baduzue,

gustura emanen dizuet eskatutakoa”.

 

Mendietako otoizgileak bertako aingeru edo izpirituekin bizi diren medikuak dira. Mendi sakratuek bizitza eta Amalurra irudikatzen dituzte eta otoitz hauek Amalurrari eskuzabala izan dadin eta ura ekar dezan eskatzen diote.

 

– Tzac’bak edo Hezur sendalaria:

“Hezurretako gaixotasunak tratatzen ditut,

hausturak eta hezurretako

gaitz guztiak sendatzen ditut.

Badakit minduta dagoen lekua tentatzen

gaixotasuna aurki eta sendatzeko,

txistu, belar, benda eta otoitzekin”.

 

– Jve´t´ome edo Emagina:

“Chenalhó, nire lurraldeko emagin indigena tradizionala naiz…

Erditzea arintzeaz gain,

badakit emakumeen gaixotasunak sendatzen,

gernu txarra, haurdunaldiko karranpak, abortu arriskuak,

hileko mingarri edo irregularrak,

hantura, emakumeak seme-alabarik izan ezin duenean

edo erditu ondoreko esnearekin arazoak dituenean,

sabelaren aldaketa eta erditze ondorengo hemorragia”.

 

Emaginaren figura mendeetan zehar izan da maia medikuntzaren espezialitate. Dohain jainkotiar baten bidez, emaginek badakite haurdunaldia artatzen, erditze eta erditze osteko zaintzak egiten edo ama eta haurraren gaixotasunak sendatzeko sendabelarrak erabiltzen.

Etxean erditzen da beti, senarra eta emaginarekin batera. Erditze unean, emaztea senarraren aurrean belaunikatuko da, lepotik besarkatuz. Senarrak, aulki batean eserita, emakumearen besoak eta bularra besarkatuko ditu, emagina, amaren sabela leunki estutu eta umea hartzeko prestatzen den bitartean. Erditzea denboran luzatzen bada, sendabelarrak erabiliko dira prozesua azkartzeko, baita zenbait ariketa ere. Amak zutik, belaunikatuta edo senarra lepotik besarkatuta erditu dezake.

Emaginak ez du sekula bere zerbitzurik eskainiko. Ama haurdun dagoela ziur denean, senarrarekin batera, honen etxera joanen da bere zerbitzuak eskatzera. Une horretatik aurrera, behar dutenean, emagina etxera etorriko da, eguraldi txar edo ordulariari erreparatu gabe.

 

– Ac’vomol edo Belar sendatzailea:

“Pertsonak sendatzeko, sendabelarrak mozten ditut mendian,

izan belar edo zuhaitz.

Landare mota desberdinak erabiltzen ditut gaixotasunen arabera:

hotza edo beroa, indartsua edo ahula,

haurrentzat edo emakumeentzat, epe labur eta luzekoak…

Badakit noiz erabili landare osoa eta noiz zati bat soilik.

Badira egosita edo birrindutako landareak,

beste batzuk, berotzea bakarrik behar dute

edo pertsona landare freskoekin garbi daiteke.

Hartu behar ez diren landare pozoitsuak ere bereizten ditut.

Nik, belargile naizen aldetik, landareen sekretu guztiak dakizkit”.

 

Belargileak sendabelar mota guztiak ezagutzen ditu, baita nola erabili behar diren ere. Landareak moztu aurretik, zeremonia bat eginen du Amalurrari baimena eta barkamena eskatuz.

Sendabelar ezagun bat esaterako, izpiritu gaiztoak eta zenbait animalia uxatuko dituen basa-tabakoa da.

 

Mediku indigenek erabiltzen dituzten baliabide terapeutikoak.

 

Tzotzil eta Tzeltal maientzat, lurrak eta euriak ezaugarri sakratuak dituzte. Gurutzeak lau puntu kardinalak irudikatzen ditu eta Ceibak, bizitzaren jatorria den zuhaitz sakratua. Lurra, bizitza unibertsalaren ama da, indar kosmikoak kontrolatuz; sua, airea, euria, eklipseak eta lurrikarak. Eliza espazio sakratu eta terapeutiko bat izaki, mediku indigenek, otoitz, garbiketa, kandela eta kopal bidez artatzen dituzte gaixoak.

– Kandelak: Haiekin arimaren kalteak pausatu eta gaixoaren izpiritua askatzen da. Gizaki guztiek dute argia eta haien argiak bizitza irudikatzen du. Erabilitako kandelen kopurua, tamaina eta kolorea desberdinak dira sendatu nahi den gaixotasunaren arabera, baina beti guztiz erre behar dira, Jainko eta bere santuen janari baitira.

– Gurutzea: Izeiez egina, Jainkoaren ordezkaria da lurrean, garrantzitsua berarekin tratuan aritzeko.

– Otoitza: Otoitzak edozein lekutan egin daitezke; ibaian, mendian, errepidean,… Baita kobazuloetan, elizan edo landa eremuetan ere.

– Intsentsua: Bere kea Jainkoaren janaria da, artoa gure janaria den bezala.

– Loreak: Aldarean adar samurren puntak ezartzen dira. Adar bakoitzak otoitz egin eta eskatuko den pertsona kopurua adierazten du. Loreak ere Jainkoaren janari dira.

– Posh (bertako alkoholdun edaria): Posh-a putz eginez botatzeak jendea zoriontsu egiteko balio du, pertsona indartu eta espiritu gaiztoak ateratzen ditu arimatik, kalte egin eta sufriarazten dutenak.

– Freskagarria: Gaixoa freskagarria erabiliz garbitzen da (posharekin egiten den bezala) eta Jainkoari eskaintzen zaio kandelak ureztatuz, gaixotasuna kendu eta estal dezan.

 

Biopirateria.

 

Biopirateriak baliabide naturalak (izan landare, animali, mineral edo gizaki) eta bertako ezagutzak bereganatzea, lapurtzea edo patentatzeari egiten dio erreferentzia. Zenbait ikertzaile, unibertsitate, laborategi, farmazia konpainia eta gobernuk (batez ere herrialde garatuetakoak) etengabe dihardute haien merkataritza ustiapena helburu, lur hauetako ezagutza bereganatzen, bertatik eskuratutako etekin ekonomikoak bertan banatu gabe.

Gaur egun oraindik ere, biopirateria medikuntza indigena tradizionalaren etsai handienetakoa da. Unibertsitate, estatu zein atzerriko gobernu, laborategi kimiko eta farmazia enpresek finantzatuta (hauek komertzializazioaren onuradun zuzen eta esklusiboak izanik), komunitate indigenek milaka urtetan eskuraturiko jakinduria bereganatzen dihardute, bertako pobrezia eta informazio falta aprobetxatuz. Landareak hartu eta laborategietara bidaltzen dituzte, han sustantzia sendagarri eta erabilgarriak atera ditzaten.

Bioteknologiak, globalizazioak eta neoliberalismoak marka eta patenteen sorrera erraztu zuen munduan. Ondoren, denona behar lukeen ondasun baten ustiapena zabaldu eta justifikatu zuten, munduko gaixo guztiei (batez ere txiroei) kalte handiak eginez.

Orain 500 urte atzera espainiarrek konkista burutu zutenetik gaur arte, biopiratek etengabe dihardute lurralde hauen jakinduria eskuratu nahian. Hona 2 adibide;

– Nicolas Monardes (Sevilla, Espainia, 1493-1588): Jakintza eta sendabelarren mediku trafikatzailea. Monardesek esklabo beltzak erosten zituen Afrikan, ganadua bailira M ikurrarekin markatu ( Monardesen M-arekin) eta Ameriketara bidaltzen zituen ondoren sendabelarrekin trukatzeko. Esklabu beltz horiek eta bertako biztanleek bilduriko belarrak ekartzen zituen europaruntz.

– Brent Berlin: Etnobiologo estatubatuarra. Beste ikertzaile askok bezala, komunitate indigenen pobrezia eta informazio eza aprobetxatu zituen bere proiektuak aurrera eramateko, indigenek landare, animali, mineral eta hazien erabilgarritasunari buruz zuten informazioa bereganatu eta farmazia-enpresa multinazionalei salduz.

 

Artikulu honetarako informazioa San Cristobal de Casas-eko maien medikuntza museoan jaso da.