Ausangate, Cuzcotarren mendi kuttuna.
(Cuzco probintzia, Peru, 2023)
Alpaka artalde bat altura handian.
Peruko andeen bihotzean, Quechua herriak sakratutzat duen apu* dotore bat nagusitzen da.
Astelehen goiza.
Mendi ibilaldia hasi baino 2 egun lehenago Sacsaywaman inken gotorleku ezagunean bueltaka nabil. Ekainaren 24an amaitzen den Inti Raymi eguzkiaren festa famatua hilabete osoan zehar ospatzen denez, hiria jendez gainezka dago eta antzinako hondakinak aldiz lasai. Gotorlekuaren kokaleku pribilegiatutik hiriaren bistak zoragarriak dira.
Hego Amerika erdialdeko bailara emankor batean, Peruko andeen bihotzean, bada inperio boteretsu baten jaioleku eta zilbor bezala ezaguna den hiria. Cuzco, inken hiri inperial da inka zibilizazioaren testigantza paregabea.
Gaur egun oraindik ere bertako biztanleen ohitura eta tradizio askok beren arbasoen sinadura daramate. Iragan konplexu, gertaera esanguratsu eta kondaira ederrekin ehunduta, inken hiriburu eta hiri kolonialaren amalgama harrigarria da.
Hiriari so, urrunetik leunki datorkidan kantu bat sumatu dut.
– El sueño del inca!- Esan diot bozgorailua zeraman mutilari.
– Bai. Gure musika tradizionala entzutea gustuko dut hondakinak bisitatzen ditudan bitartean. Ikusten al duzu han, urrunean, besteen gainetik nabarmentzen den mendi elurtua?
Egun eguzkitsu batean Sacsayhuaman gotorleku paregabetik hego ekialdera begiratu ezkero, urrunean, Vilcanotako mendilerroa osatzen duten gainontzeko mendien artean, apu dotore bat bereiziko dugu. 6384m-rekin, Ausangate da Peru osoko bosgarren mendi altuena, baina lehena izan daiteke edozein bidaiariren memorian.
Astelehen gaua.
Ausangate mendiaren itzulia egiteko bada gida guztiek gomendatzen duten ibilbide bat. Tinki herrian hasi eta 70km egin ondoren, puntu berean amaitzen den 5 eguneko ibilbide gora beheratsua. Gogorra omen da, ez bakarrik altuera handian gainditu beharreko desnibelagatik, baita dituen baldintza klimatologiko aldakorrengatik ere. Ekaina izanik, sasoi lehorrak behar luke, eta eremu honetan urte osoan zehar eguraldia nahiko aldakorra bada ere, aldaketa klimatikoak iragarpenak erabat aztoratu dituela aipatu didate bertakoek.
Gomendaturiko ibilbideari buelta bat eman nahi diot hala ere. Ez dut gehiago gogortzeko asmorik. Bakarrik nago, aurreikuspen meteorologikoak ez dira onenak eta badakit bihar alokatuko dudan mendi materiala ez dela arina izango. Vinicunca “Hortzadar” mendi koloretsua ezagutzeko ilusioa daukat ordea. Mapetan begira, uste baino azkarrago topatu dut bi mendiak elkar ditzakeen bidexka bat. Tinki ordez, Hortzadar mendiaren magala izango da nire ibilbidearen hasiera puntua.
Aste amaierarako eguraldi iragarpena eskasa izanik eta munduaren txoko honetan, 5000 metrotan, naturaren haserrea ezagutzeko ilusio handiegirik ez daukadanez, txangoa 3 egunetan osatzea erabaki dut. Altuerara ongi egokituta nago hala ere, 2 hilabete daramatzat jada Peruko mendikateetan gordeta diren txoko ezberdinetan barrena eta zentzu horretan ez dut ustekaberik espero.
Bihar asteartea, prestaketa lanak egiteko erabiliko dut. “5 egunetarako jana eramango dut, badaezpada”, pentsatu dut ohera bidean.
Asteazken goiza.
Goizeko 4.30tan jo du iratzargailuak. Salto batez ohetik jaiki eta autobus geltokira abiatu naiz. Cusipata herrian naiz goizeko 7ak jotzerako baina hemendik Hortzadar mendiaren magalera badira kotxez egin beharreko kilometro mordo bat.
Herrian ez da jenderik eta hotz egiten du. Jatetxe txiki bat irekitzen ikusi eta hara gerturatu naiz zer egin erabakitzeko asmoz, baita gorputza berotzeko asmoz ere. Ibilbidean bai baina hasiera puntura nola iritsi pentsatzea ez zitzaidan burutik pasa. “Artaburu!”, pentsatu dut.
Ez da atzera bueltarik. Ahal den neurrian gauzak nire kabuz egitea gustuko dut baina batzuetan burugogortasunak itsutzen nau.
Jatetxeko sutondoan, kafe bero bat eskuan, zerbitzariarekin solasean hasi naiz. “Ez duzu taxia partekatzeko lagunik topatuko. Jende gutxi dabil”. Listo! Erabakia hartuta! Kafea amaitu, motxila bizkarrera eraman eta oinez abiatu naiz harrizko bidean gora.
– Oinez al zoaz? Seguru zaude? Egun oso bat beharko duzu hara iristeko!
Zorte handia izan dut, 2 ordu ez dira pasa furgoneta bat nire alboan geratu denerako. “Igo!”.
Ez da harritzeko Hortzadar mendiak mugitzen duen turismo mordoa justifikatzea. Ez bere miradorera igo eta hari so jarri denarentzat behintzat. Txundigarria da mendiak eskaintzen duen kolore sorta.
Neure motxila erraldoia bizkarrean hartuta aurrera noa gainontzekoek Cuzkorako itzulera abiatzen duten bitartean. Hemendik aurrerakoa bakarrik egin beharko dut.
Asteazken arratsaldea.
Hasierako zatiak uneoro GPS-ak markatzen didan lerroari adi egotera behartzen nau. Xendak ez dira bereziki intuitiboak baina lasai noa, aise, altuerara ongi egokitua nagoen sentsazioarekin.
Ederra da paisaia, basatia, etxola bakartiren bat ikusten da han hemenka eta zuriz jantziriko mendiak urrunean. Alpaka eta llama artalde handiak nonahi, artzainen lurraldea da honakoa.
Ibilbidean aurrera egin ahala errazagoa zait bidea jarraitzea eta hala, lo egitea pentsatuta dudan puntura uste baino azkarrago iritsi naiz. Nekatuta nago baina oraindik arratsaldeko orduak aurretik ditudanez, bidean jarraituko dut, hurrengo bailara arte.
“Azken aldapa eta ondoren behera, al den altuera baxuenean lo denda muntatzeko leku egoki bat bilatu arte” pentsatu dut, baina goizean erraza zirudiena izugarri kostatzen ari zait orain. Txakal aldiak erasan nau zetorrela konturatu gabe. Leher egina nago. Altuerara egokituta omen nengoen baina berau gutxietsi dudala uste dut.
Urduritu egin naiz une batez, ordulariari begiratu eta gauak harrapatuko nauela konturatzean, baina beldur guztiak kolpetik pasa zaizkit nire oinek Palomani lepoa (5200m) zapaldu dutenean.
Ausangate mendia ikusten dut lehen aldiz parez pare eta laku eder bat haren magalean. Erraldoia.
Asteazken gaua.
Ilunabarrak nahi ez nuen lekuan harrapatu nau, altura handiegian. Ez da atzo baino lehenago iritsi, ni naiz berandu dabilena. Egunean zehar eguzkitan izan ditudan 15ºC-tatik, zero azpitik 10 gradura jaitsiko da ordu gutxitan.
Mendizale estatu batuar batekin gurutzatu naiz beherakoan. Egunean ikusi dudan lehen “adiskidea”. Ni maldan behera noa gutxienez.
Denda ezartzeko leku benetan ederra topatu dut, errekatxo baten alboan, mendi erraldoia begira dudala. Ahal bezain pronto afaldu, daukadan arropa guztian bildu eta lo zaku barruan estali naiz. Ordu betean ur botila izotz bloke bihurtu da, baina pozik naiz.
Ostegun goiza.
Txakur bat besterik ez da inguruan dendatik atera naizen momentutik. Nire presentzia oharkabean pasa dela ematen du.
Motxilak sorbaldak sumintzen dizkit eta hankak gogor ditut. Atzo behar baino gehiago ibili nintzen.
Paisaiak txundigarriak dira gaurkoan ere. Zeruaren ispilu diruditen laku turkesa, glaziar eta gezurrezkoak diruditen bailara koloreztatuak. Bertako fauna endemikoaz gozatzeko zoria ere izan dut. Ez dut ikustea hainbeste desiratzen dudan kondor dotore edo pumaren batekin gurutzatzerik izan, baina bai hainbat bikuina (alpakaren senide basatia) eta bizkatxekin (untxiaren antzeko karraskaria).
Eguerdi aldera eguneko lehen pertsonarekin egin dut topo. Lasai da bere artaldeari begira. Nire botak deigarri egin zaizkio. “Zenbat balio dute? Erosiko dizkizut!”.
Harritu da itzulia nire kabuz egiten ari naizela ohartu denean. “Kanpotarrek gida eta zaldiekin egin ohi dute”. Klima gogorrak markaturiko aurpegi latza du, baina irribarre txiki batek ihes egiten dio. Atsegina da, eta mendiaren kondairen inguruan berriketan aritu gara.
Andeetako mendien artean, bere aparteko edertasunagatik baina batez ere Cuzcotarren mundu-ikuskeran duen esanahiagatik da miretsia Ausangate elurtua.
Inka mitologiaren arabera, Ausangate uren sortzailea da bailara basati hau ongarritzen duen energia maskulinoa. Bertan jaiotzen diren urak Amazonia urrunean galtzen dira, ondoren bere laku eta glaziarretara berriz itzultzeko.
Kondairak dio Willcomayu (esne bidea deritzoguna) izar bihurturik, gauero itzultzen dela bere laku eta glaziarrak betetzera.
Tartetxo bat kontu kontari aritu ondoren, bideari ekin diot berriro ere.
Ostegun arratsaldea.
Paisaia ederragorik topatu ezin dela pentsatzen jarri orduko azaltzen da aurrekoa baino are eta ederragoa den beste bat. Eta ondoren beste bat. Eta ibilbide osoko azken igoera egin ondoren beherantz abiatu naiz.
Arratsaldean aurrera, ibilbideko lehen herrixkarekin egin dut topo. Artisautza lanetan diharduten 2 emakume dabiltza berriketan. Ez dute argazkietan ateratzerik nahi baina nire harridurarako, harrera beroa egin didate. Andeetako indigenak nahiko mesfidatiak izan ohi dira atzerritarrekin, hasieran behintzat.
Chillca komunitatea da paisaia eder hauen zaindari. Nekazariak dira, nekazariak eta batez ere llama eta alpaka artzainak. Animalia hauek hazi eta altuera baxuagoan bizi diren herritarrekin salerosketak eginez bizirauten dute. Ez dute bizitza errazik. Altuera handia, klima gogorra, bakardadea,…
Globalizazioari iristea kostatzen ari zaion munduaren zati magiko honetan, beren bizitzeko ohiturek oso bizirik diraute. Daramaten janzkera da horren adibide, bertan antzinatik datozen eguneroko bizitza eta sinesmen espiritualak islatzen direlarik.
Ostiral goiza.
Begiak ezin ireki esnatu naiz, betazalak itsatsita. Berandu arte ibili nintzen atzo ere, kanpatzeko leku bila, gauez, Pacchanta herrira oharkabean iritsi arte.
Ostiralarekin eman diot amaiera txangoari, Pacchantatik Tinkira doan paseo lasai batekin. Bertan bizi den Quechua komunitatean barrena doan bidexka polita da.
Tinki herrira iristeko kilometro baten faltan, Cuzcora doan auto bat geratu zait.
Berezia da Cuzcoko harrizko kale eta plaza zaharrak berriro ere zapaltzea. Are eta bereziagoa ekainaren 23an, hiriaren ospakizun handienetan baldin bada.
Bukatu da mendi ibilaldia. Ene espektatiba guztiak gainditu dituen bidaia izan da, zoragarria Ausangate mendiaren magalak ezagutzea. Gogoratzeko, egunerokoan idaztea behar ez den esperientzia horietakoa.
*Apuak, inken garaitik bizirik diharduten mendiak direla uste dute andetarrek, nagusitzen diren eskualdeko zikloetan eragin zuzena egozten zaielarik.
Cuzco hiria eta Sacsaiwaman gotorlekua