Hitzak garrantzitsuak direlako...

(Etxarri Aranatz, Euskal Herria, 2024)

Berian mendia.

Sakandarra naiz, zehatzago esanda, Aranatz elkarteko kide den herri batekoa eta Beriain mendiaren babesean dagoen haran eder honetan ditut nire sustraiak…

– Zein dala uste dek euskarak zikoken hitz garrantzitsune? Aspaldi yamaten yau gai honi bueltak ematen. Ordube badek hitze zein deken erabakitzeko!

– Hala dek! Gehio pentsatu be hobe izenkuek Aranatzko gizon jakintsubenak bildu eta hitz garrantsitsune zein deken erabakitzie. – zioen Etxarriko alkateak.

Herri ezberdinetako batzarretan elkartzeko eguna adostu ondoren, Arbizu, Lizarraga, Dorrau, Unenu, Lixarrengo eta Etxarriko gizon heldu eta jakintsuenak Artxulo baserrian elkartu ziren. Bazekiten ez zela lan erraza, ez zutela berehala adostuko, benetan zaila izango zela euskarak dituen hitz eder eta esanguratsuen artean bat bakarra aukeratzea.

Hori horrela, ogia, urdaia eta ardoz betetako zagi bat eraman zuten beraiekin. Pozik eta gogotsu zeuden denak, azkenean, lurralde hartako hitz garrantzitsuena zein den erabakiko baitzuten.

Gosarirako bilduta zeuden denak. Kontu kontari aritu eta ederki bazkaldu ondoren, ardo pitxarra eskuz esku pasatuz hasi zuten eztabaida.

– “Ama” hitze garrantzitsube dek gu hizkuntzen. Jaiotzetik hil arte aipatzen yau behin da berris.- esan zuen unanuarrak.

– Ez ziok geizki pentsatuik beye pentsa zak ama guziek ez ttukela berdinek izeten. Baziek pattarrerak, baziek alkauetak, baziek… – zioen arbizuarrak.

– Arrazoye dakak. Hitz haundiye dek beye garrantzitsuna…

– “Jai” hitze?

– Iye… guteko oso beharreskue dek beye hurrengo eguneko astelehena nolakue dan ederki dakik hik!

– Ta “aita”?

– Hori ama bezelako hitze dek! Baziek aitte mozkorrak, baziek aitte alperrak, baziek…

Eztabaidan ziharduten bitartean zagitik pitxarrera pasatzen zuten ardoa. Trago eta hitz, hitz eta trago, gero eta ardo gutxiago zegoen zagian.

Eztabaida gogorra izan zuten; “utse”, “lurre”, “etxie”, “iruzkiye”,… Gizon jakintsu haiek ez zuten hitz garrantzitsuena zein den adosten. Taldean aipatzen ziren hitz ederrek ez zuten denen onarpenik lortzen.

Gero eta nekatuago zeuden, gero eta larriago. Eguzkia ere estaltzeko intentzioak erakusten hasia zen.

– Gaur ez yau lortuko?

– Lortuko berko yau! Eziok beis elkartzeko beste egunik!

Otsoen uluak ere entzuten hasiak ziren. Baten bat gertu egongo zenaren susmoan, Martin Aranak baserriko atea zabaldu eta indarrez jo zuen adarra badaezpada.

– Hola inguben den otsuek jakinko ye adi ta prest gaudela!

Anton Maizak baserri aurreko zelaian 2 egur elkar igurtziz txinpartez bete zuen ingurua.

– Urruti ziek!

Denborak aurrera egin ahala, gizon heldu haien artean etsipena zabaltzen hasi zen. Batzuk etxera egin beharreko bide luzea zuten aurrean eta otsoak ziren inguruan.

Erantzuna sugarraren argitasunean balego bezala, pentsakor zeuden haren inguruan.

Miguel unanuarra, zagiko azken ardo hondarrak pitxarrera botatzen hasi zen orduan. Pitxarrak irrist egin eta eskutik ihes egin zion, baina etxarriarrak mugimentu azkar batekin pitxarra hark lurra jo baino lehen hartu zuen.

– Bierrik! – lasaitasun hiz bat atera zitzaion barru barrutik.

Bilduta zeuden guztien begiek dir dir egin zuten eta haien aurpegietan irribarre gozo bat zabaldu zen. Adostu beharreko hitza aurkitu zuten.

– Bierrik!!! – egin zuten garraxi denek batera.

Ardo pitxarra amaitu eta pozik hartu zuten etxerako bidea. Aurkitu zuten, Aranatz lurralde hartako hizkuntzan, euskaran, hitz garrantzitsuena zein den.

Gurean esaten da, gurean kontatzen da. Ez dakit egiaz gertatu zen edota asmatutako historia den baina gaur egun oraindik ere, gure artean, maiz erabiltzen dugun hitza da. BIERRIK!

 

Rafael Karasatorre Bidaurreren “Cuentos, casas y padrones” liburutik ateratako historiotxoa.